XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JORDI SOLE I CAMARDONS 159 orrialde.

Ez zaio seguruenik inori ezkutatzen gure euskal gizarte honetan Soziolinguistika izenaz ezagutzen den jakintz arloak irakaskuntz / ikerkuntz zirkuito ofizialetan (Unibertsitatean bereziki) jasan duen bazterketa.

Egia da, halaber, baztertze horrek aho eta interes desberdinetako gutxiespena (mezpretxua?) izan duela oinarri.

Baina Soziolinguistikak eman litzakeen eta eman beharko lituzkeen emaitzak modu nabarmenago batetan izan dira gutxietsiak askiesteko ahalmena zeukatenen artean behinik behin hizkuntz irakaskuntzari dagokionean, sarritan hartu eta bideratu nahi izan bait da azken hau sistema baten mekanismoaren irakaskuntza hutsa bezala (irakur bedi sintaxi, fonetika eta beste atal-en irakaskuntza hutsa), erabat aparte utzirik Soziolinguistikaren muina eta gakoa den hizkuntz erabilera-ren problematika.

Damurik, gutxiespen horretarako interesatu beste argudio erabili da (ez daude faltan Soziolinguistikari ezezik zientzia gogorrak ez diren guztiei ere egotzi ohi zaizkienak: ez-zientifikoa izateaz gain ez du ezer berririk ez planteiatzen ez esplikatzen, etengabe ari da bestek esandakoa errepikatzen, etab.).

Halere, bada argudioen azpian aitortzen ez den zerbait, eta ez dabilke erraturik benetako arrazoiak gauza politiko eta botere lurtiarrekin zerikusia dutela pentsatzen duena, Soziolinguistikaren bere-berezkotasuna bait da finkatuegi mantendu nahi den status quo delakoarekiko jite errebultsiboa, iraultzailea.

Hortaz, hondoraino eta azken ondorioetaraino iritsi nahi duen jite kritiko horrek garbi adierazten du Soziolinguistikaz inon baliatzekotan, inon aztertzekotan, gizartearen etorkizuna moldatzen ari den tokian beharko litzatekeela bereziki, hau da, Hezkuntz Sisteman, Unibertsitatean zein beheko mailetan; eta arrazoi gehiagorekin, moldatzen ari dena hizkuntz arazo latzak (latza ote deritzo hiltzorian dagoenaren egoerari?) erakusten dituen komunitatea baldin bada.